BERIÑES-KO JOXEPA (2)
Kikiriki!kikiriki!... goizeko 6tako kantua hasia da Leitzaldeko xoko ospelean. Joxepa jekitzeko ordua! Hortxe doa bere mantalaurreko ta guztik beheko sua pizteko egur bila. Sukaldea bero-bero dauka jadanik, goizeko 7ak dira haurrak esnatu eta gosaltzen ari dira denak, suaren berotasunean. Ramon goizeko 6tarako herrira jaitsia zen papelerara lanera eguneroko moduan. Joxepa bitartean baserriaren ardurapean, animalien ardurapean, zein umeen zainketaz arduratzen zen. Haur gazteenak etxean geratzen ziren, eta besteak mendiko eskolara “kaxerna”ra joaten ziren 8etarako. Hori bai etxean belarrik, ixtorrik... ez bazegoen. Joxepak goizeko zortzietarako jada lapikoa ur beroarekin sutan jartzen zuen eguerdiko bazkaria prestatzeko, gehienetan banabarrak, baba beltza... etxean produzitzen ziren produktuak jaten zituzten. Bor, bor, bor... suabe- suabe banabarrak egiten ari ziren. Eta bitartean, etxekoandrea ukuilura jaitsia zen behiak jeztera, ardiei, oiloei bazka ematera. Esnea zen baserrira sartzen zen diru iturri nagusienetako bat, esneketaria egunero pasatzen zen goizeko 10etarako, eta ordurako esnea prest behar zuen! Horrelaxe ibiltzen zen Joxepa aurrera eta atzera, oilo, ardi, behi... artean. Eta noski haurrak berarekin zituela. Eguerdi bitartea aurrera zihoan, eguerdiko ordubiak ailegatzear zeuden, mahaia, bazkaria dena prest zegoen. Ramon lanetik orduantxe ailegatu zen eta denak elkarrekin bazkaltzen zuten tenple politean. Ramon gizon adeitsu eta maitekorra zen, baina batzuetan alkoholak galdu egiten zion. Bere haurrekin oso jolastia, adeitsua zen, beti zegoen beraien gainean. Bazkaldu ondoren, haur txikienak eta aita lo kuluxka bat egitera joaten ziren. Joxepak orduan zuen beretzako momentua, mendira joaten zen buelta bat egitera, etxeko sagarrondoetan irakurtzen egoten zen, baita idazten ere, gogokoa zuen poesia. Historiaz ere asko zekien. Egun guztian zehar lasai egoteko momentu bakarra horixe zuela ere esango nuke. Pare bat ordu izaten ziren, baina oso aberasgarriak egiten zitzaizkion bizi zuen askatasun ez horretatik nolabait ihes egiteko.
Ama!ama! haurrak esnatu ziren. Arratsaldekoa tokatzen zitzaien. Sagar bat ala intxaur batzuk. Gustura egoten ziren. Ondoren denak, Beñis errekara joaten ziren amak arropa garbitzen zuen bitartean han jolasean ibiltzera. Berdin zuen negua, uda, udazkena erreka zulo horretako ura Leitzan esaten den bezala “koillatue” egoten zen beti. Eta hara joaten zen egunero Joxepa oinutsik arropa garbitzera, ederki igurtzi behar izaten zela horixe zihoen beti. Ramon berriz, behientzako zein ardientzako belarra mozten zegoen etxeko belatxoan, etxeko gurdia hartuta. Azkeneko galtzerdiak garbitu eta gorantz baserrirantz zihoazen. Baserrira ailegatu eta berriro ere afaria prestatzeari ekin behar, horrelaxekoa zen Joxeparen bizia inoiz ez zen lanik bukatzen, ez zeukan jai egunik. Baina azkenean horrela bizitzen ikasi beharra izan zuen, baina beretzat ere hartzen zuen denbora, bere gogoetak, hausnarketak burutzen zituen eta nik uste horrek indar asko ematen ziola.

0 Comments:
Post a Comment
<< Home