AMINATOU HAIDAR, IZENA eta IZANA

Intifadak urte bat bete du, Fronte Polisarioak 33.urteurrena du, biak ere Saharar herriaren autodeterminazioaren alde lanean dihardute. Borrokan ari dira, baina egoerak bere horretan dirau. Gobernu Marokoarrak errepresioa du ardatz, jazarpen polizial, kulturalak… eguneroko ogi baitira lurralde okupatuan. Aminatou Haidar izena eta izana, saharar herriaren aldeko borroka baketsuaren giltzarri bihurtu da. Emakume hau 1967an jaio zen lurralde okupatuetako Aiun herrian. Gazteetatik jardun izan du bere herritarren giza eskubideen aldeko defentsan, torturatua, bortxatua, epairik gabe kartzelaratua…izan da. Bi umeen ama ere bada eta beti izan du belaunaldi berrien inguruko egonezina, eta hauen alde egiteko beharra. Mendebaldeko Saharan egindako lan sakonaren erakusleihoa hona etortzeko arrazoietako bat . Honi jarraiki, maiatzaren 8an Joan Maria Bandres saria jaso zuen giza eskubideen defentsan eta errefuxiatuekin izandako elkartasuna dela eta .
Sari hau jasotzera etorri da, baina bide batez, mezu garbi bat ekarri du besapean ; hau da, “Espainiako Gobernuari nahikoa dela esan nahi diot, eta jarrera garbi bat har dezan eskatu, autodeterminazioa babes dezan.”
360 egun oihartzun sakonagoarekin
Jada 30 urte luze daramatzate sahararrak beraien nortasunari, hizkuntzari, ohiturei… uko egin beharrean, bestela torturatu, edota erailtzen dituzte. Mendebaldeko Saharako egoera honakoa da, beraien herrian daude, baina beste batzuen eskuetan. Egoera honi aurre egin nahirik 2005eko maiatzak 21ean, orain dela urte bat, okupatutako Aiun-go herritarrak, manifestazio baketsuak burutzen hasi ziren autodeterminazio helburua aurrera eraman nahirik. Indar okupatzaile marokoarrak gogor erantzun zuten, giza eskubideen aurkako bortxa izugarriak burutu zituzten; bahiketak, saharar familien kanporaketak… Bien bitartean ekintzailea zein giza eskubideen babestzaileak ekimen guzti horietara joaten ziren herritarrei babesa ematera. Hauek ere bortizki mehatxatuak, ikaratuak eta azkenik, torturatuak izan ziren. Aminatou Haidar dugu ekintzaile garrantzitsuenetako bat, 39 urte besterik ez dauzka baina jada kartzelan urteak igaro ditu, arrazoia soila, bere herritarren giza eskubideen alde lan egitea. Intifada, egoera jasanezin baten oihu da. Nazioartearen isiltasunaren aurrean munduari sahararrek bizi duten egoera azaleratzeko modua da . Urte bat igaro da, baita 30 urte, errez esaten da, baina egunerokoak dira, torturak, bahiketak… eta egoerak ez du aldatzeko itxurarik. Ez dute nahi. Ez zaie komeni, eta bere herriaren alde lanean diharduenari isilarazi nahi diote. 
“Ni hilko naute, baina nire ideiak ez dituzte hilko.”
Termino hauetan mintzatu zen bere etorkizunaz hitz egiteko garaian. Hirugarren kartzela aldia izango du, lehenago bi aldiz egona baita. Lehena, 1987an izan zen Mendebaldeko Sahararen okupazioaren aurkako protesta batzuetan parte hartzeagatik . Ondorioa, hiru urte eta zazpi hilabete eman zituen zulo batean sarturik, trapu bat begietan zuela , ia janaririk gabe , lurrezko lur batean eta epaitua izan gabe. Berak gaineratu zuen bezala, “tortura gure eguneroko janaria zen.” Azkeneko aldiz pasaden ekainean atxilotu zuten, 50 egun igaro zituen gose greban beste 37 lagunekin batera eta egoera oso txarrean atera zen. Fisikoki ahulduta, baina, betiko ideiekin, borrokarako grinarekin. Eta honelaxe agertu zaigu gurean ere, bere adinerako nekatua, gastatua… baina ideia garbiarekin. Indarra barneratzen du, borroka egiteko grina pizten du eta horretan dirau. Berak ondorengo hitz hauekin garbi uzten du bere ideiak betirako direla eta beti horien alde jardungo duela “ni hiltzen ahal naute, baina nire ideiak ez dituzte hilko.”
Txakurrak marokoarrak baino gizatiarragoak
Lurralde okupatuetan bizi diren sahararrek, protestak abiatu eta urtebetera, gogor jarraitzen dute beraien herriaren independentzia aldarrikatzen. “Torturak eta jazarpenak direla eta fisikoki leher eginda daude, baina moralki inoiz baino borondate gehiago dute beraien borrokarekin aurrera jarraitzeko. Erresistentzia inoiz baino handiagoa da. Gure erresistentzia baketsua da. Indarkeriaren biktima izatea nahiago dugu, indarkeriaren sustatzaile izatea baino.” Haidarren hitzak dira hauek. “Jazarpenak okerrera egin du. Marokok segurtasun taldeetako kide gehiago bidali ditu. Aiun hartuta dago. Saharar askok hiritik kanpora, basamortura, eramaten dituzte eta txakur basatien artean uzten dituzte, tartean emakumeak ere bai. Biluzik uzten dituzte. Txakurrak marokoarrak baino gizatiarragoak dira emakumeekin; gure zauriak miazkatzen dituzte. “Poliziek ankerkeriaz bortxatzen dituzte emakumeak borrekin. Eskoletan ere umeak galdekatu eta torturatzen dituzte.”
Ez begiratu beste aldera!

0 Comments:
Post a Comment
<< Home