itzalpeko triangeluak

Itzalpeko triangeluak. Itzalpean egotea behartu dituzten hitzak, egintzak, lanak, hartu-emanak. Bizi garen sistema patriarkal honen ondorioa dira. Baina itzalpetik argitara ateratzeko garaia ailegatu da.

Tuesday, October 31, 2006

AMONA


Momentu honetan

momentu txarretan

behar izan zaitudanean

zu beti hor

Gogoratzen dut

beti kontatu ohi zenizkidan istorioez

oheratzear nengoela,

beti egon zara nire ondoan.

Momentu tristeagoetan ere

aurrera eramaten jakin duzu

eta niri gauzak ahalik eta errezenen

eramaten lagundu.

Golpe gogorrak izan dituzu bizian

baina hala ere ez duzu irrifarrea galdu

eta beti zure ingurukoak pozteko egin duzu.

Beno gaurkoan,

momentu txarrak ahantziz

aurrera begiratu behar dugu,

eskerrak beti nere ondoan egoteagatik

ni ere beti zure alboan edukiko nauzu.

BERIÑES-KO JOXEPA (2)


Kikiriki!kikiriki!... goizeko 6tako kantua hasia da Leitzaldeko xoko ospelean. Joxepa jekitzeko ordua! Hortxe doa bere mantalaurreko ta guztik beheko sua pizteko egur bila. Sukaldea bero-bero dauka jadanik, goizeko 7ak dira haurrak esnatu eta gosaltzen ari dira denak, suaren berotasunean. Ramon goizeko 6tarako herrira jaitsia zen papelerara lanera eguneroko moduan. Joxepa bitartean baserriaren ardurapean, animalien ardurapean, zein umeen zainketaz arduratzen zen. Haur gazteenak etxean geratzen ziren, eta besteak mendiko eskolara “kaxerna”ra joaten ziren 8etarako. Hori bai etxean belarrik, ixtorrik... ez bazegoen. Joxepak goizeko zortzietarako jada lapikoa ur beroarekin sutan jartzen zuen eguerdiko bazkaria prestatzeko, gehienetan banabarrak, baba beltza... etxean produzitzen ziren produktuak jaten zituzten. Bor, bor, bor... suabe- suabe banabarrak egiten ari ziren. Eta bitartean, etxekoandrea ukuilura jaitsia zen behiak jeztera, ardiei, oiloei bazka ematera. Esnea zen baserrira sartzen zen diru iturri nagusienetako bat, esneketaria egunero pasatzen zen goizeko 10etarako, eta ordurako esnea prest behar zuen! Horrelaxe ibiltzen zen Joxepa aurrera eta atzera, oilo, ardi, behi... artean. Eta noski haurrak berarekin zituela. Eguerdi bitartea aurrera zihoan, eguerdiko ordubiak ailegatzear zeuden, mahaia, bazkaria dena prest zegoen. Ramon lanetik orduantxe ailegatu zen eta denak elkarrekin bazkaltzen zuten tenple politean. Ramon gizon adeitsu eta maitekorra zen, baina batzuetan alkoholak galdu egiten zion. Bere haurrekin oso jolastia, adeitsua zen, beti zegoen beraien gainean. Bazkaldu ondoren, haur txikienak eta aita lo kuluxka bat egitera joaten ziren. Joxepak orduan zuen beretzako momentua, mendira joaten zen buelta bat egitera, etxeko sagarrondoetan irakurtzen egoten zen, baita idazten ere, gogokoa zuen poesia. Historiaz ere asko zekien. Egun guztian zehar lasai egoteko momentu bakarra horixe zuela ere esango nuke. Pare bat ordu izaten ziren, baina oso aberasgarriak egiten zitzaizkion bizi zuen askatasun ez horretatik nolabait ihes egiteko.

Ama!ama! haurrak esnatu ziren. Arratsaldekoa tokatzen zitzaien. Sagar bat ala intxaur batzuk. Gustura egoten ziren. Ondoren denak, Beñis errekara joaten ziren amak arropa garbitzen zuen bitartean han jolasean ibiltzera. Berdin zuen negua, uda, udazkena erreka zulo horretako ura Leitzan esaten den bezala “koillatue” egoten zen beti. Eta hara joaten zen egunero Joxepa oinutsik arropa garbitzera, ederki igurtzi behar izaten zela horixe zihoen beti. Ramon berriz, behientzako zein ardientzako belarra mozten zegoen etxeko belatxoan, etxeko gurdia hartuta. Azkeneko galtzerdiak garbitu eta gorantz baserrirantz zihoazen. Baserrira ailegatu eta berriro ere afaria prestatzeari ekin behar, horrelaxekoa zen Joxeparen bizia inoiz ez zen lanik bukatzen, ez zeukan jai egunik. Baina azkenean horrela bizitzen ikasi beharra izan zuen, baina beretzat ere hartzen zuen denbora, bere gogoetak, hausnarketak burutzen zituen eta nik uste horrek indar asko ematen ziola.

Monday, October 30, 2006


KALABAZAREN KOFRADIA

Duela aste bat kalabazaren kofradiaren estatutoa idazten hasi naiz. Denbora gehiegi egon gara kalabaza eta biok itzaletan. Ni neu izan naiz horren erantzule. Baina lehen pausoa emana dut, onarpenarena alegia. Kalabaza nigan dago, nire parte bat da. Ez bakarra, baina bai parte bat eta ez nioke nirea den ezerri bizkarra erakutsi nahi eta are gutxiago konszienteki.

Nire buruari onartu ondoren nire ingurukoei esaten ahalegindu naiz eta ez da uste nuen bezain zaila gertatu. Ni bezalako asko dagoela ohartu naiz edo berdinak izan gabe ere antzekoak direla. Niregandik gertu kalabazaren erreinuan dagoenik ere badago. Izan ere, azken finean, kalabazarena bizi estilo bat da, aukera bat, biziari aurre egiteko modu bat besterik ez.

Nik kalabazari ohore egin nahi nioke eta horregatik aukeratu dut izateko, egiteko modu hori. Lotsarik gabe, askatasun osoz, nere izate guztia garatu nahirik, kalabazak jasotzeko harrotasuna aldarrikatzen dut. Kalabazak jasotzeak duen duhintasuna indartu nahi dut. Biziaren aurrean aukeratu arriskatzeko eskubidea, bidean ostropoz egin eta altxatzekoa. Sentitu, pentsatu eta egin ahal izateko askatasuna; barne muga eta lotsak bizitzeko aukerei aterik itxi gabe. Kalabazak jaso ahal izateak ez nau lurrera iltzatuko, kalabazak jasotzeak ez lotsatuko. Kalabazak jasotzeak berak, nire bizia bizitzen ari naizela adierazten dit; aukeratzen, arriskatzen, izaten. Izan nahi dut, bizi; ta ez kalabazaren beldurrez ito. Kalabaza berak ez nau ba lotsatzen, biziaren parte baita, nire biziaren parte. Horregatik sortu dut kalabazaren kofradia, horregatik idazten estatutoa.



Thursday, October 19, 2006

ERAILKETA: 59 BIZI, 59 ILUSIO



2006ko urriak 19a dugu, iada ez ditugu geure artean Begoña Bohoyo, Marie Margo Sumi, Alicia Murcia... eta horrela 59 emakume, 59 bizi, 59 ilusio, 59 ideia erailiak,akabatuak. Maite zituzten pertsonek akabatuak. Bizi dugun egoera jasaezina da, egunero ohikoa da komunikabideetan honelako tituluak aditzea; "Gizonezko batek bere bikotekidea labankadaz hil du." Jada ez digu arritzen, ohitu gara, ohikoa ere bihurtu dela esango nuke. Baina ohikoa ahal da? Onartezina da! Emakumeok bizi dugun jazarpenei aurre egin behar diegu, egoera hau azkenekoa da, baina egunerokotasunean zer? Txikitatik oinarri sexista batzuekin hezten gaituzte; hizkuntza("zorra","puta", "guarra"...); Kiroletan, emakume izateagatik soilik ezin dugu kirol askotan elite mailan aritu; lagun arteko harremanetan ere, neska batek mutil askorekin "ligatzen" badu "guarra" bat da, aldiz, gizonezkoa "macho" bat da! Eta horrelako adibideak, egoerak mila dira.



Bizi garen sistema (patriarkal) honek argi ipiñita dauzka bere estrategiak.Gizonezkoen nagusitasunaren inguruko apologia nabaria egiten da bai egungo gizartean, hala nola, testu liburuak, komunikabideak, zinema, publizitatea.... Emakumezkoen kaltetan, bai etxean baita etxetik kanpo gutxietsiak gara.
Jakin nahi nuke Begoña Bohoyok( eta bera bezala berien bikotekideek mespretxatu, jo eta hil dituzten guztiak) ze bizi eraman zuen, baina batez ere, ze ilusio, ze amets zeuzkan . Baina iada ezinezkoa da Begoñarena. Baina beste askoren ahotsa entzutea posible da, salatzea beharrezkoa da, hasieratik!
2006an hildako emakume guztien lista eta informazio gehiago lortu nahi baduzu, sakatu.




BERIÑES-KO JOXEPA (1)

1964ko azaroak 9a zen, neguko egun triste horietakoa zen Leitzako Beriñes baserri inguruetan. Han zegoen Joxepa beheko suaren aintzinean banabar lapikoa sutan zuela. Inguruan ume mordoxka zeuzkan; Maria Jesus, Migel Luis, Anttoni, Joxe, Iñaxi, Ramon eta Fani. Denak ere amaren babespean; amaren berotasunean. Igandea zen. Ramon, etxeko nagusia, herrira jetsia zen Meza Nagusira eta ondoren, bazkaldu bitarte herrian geratzen zen lagunekin baso erdi batzuk hartuaz. Igandea festa eguna baitzuen. Joxeparentzat, berriz, berdin zion igandea ala astelehena izan; bazkaria, haurrak behiak "gobernatu" beharra, eguneroko ogia ziren beretzat.

Eguerdia ailegatu zen iada...

-Tok!tok!tok!
-( Joxepa han zihoan ziztu batean aterantz, atea ireki zuen...)
-Iepa!la-larala-lalala-laralaralaa......( Baso erdi batzuk gehiagorekin zetorren Ramon iganderoko moduan.)
-Iepa!
-Benga Joxepa, bazkari bero-beroa atera, tripak bor-bor ditut eta!
-Bai, oraintxe!
-Zer moduz ibili zara Ramon?
-Badakizu musean lagunekin, baino tira atera bazkaria!
-Tori!
-Non dago ardoa?
-Oraintxe ahantzi egin zait, barkatu!
-Ze barkatu eta ze kristo, oraindik ez ahal dakizu etxe honetan zerekin bazkaltzen den?
-Bai, bai

Ramon mahai buru jarrita banabarrak jaten jarraitu zuen eta Joxepa berriz, sukaldean, lanean, bere gizonari zerbitzatzen.

Wednesday, October 18, 2006

AREAREN ALABAK












Dunen artetik ederrenak

bizitzaren ardatza eman dutenak

beti mehatxupean egonak

baina hala ere beti indartsuenak!



Familiak hazi dituztenak

baita etxeko ekonomia ere

beraien eskubideak defenditu dituztenak

eta ondorioz asko torturatuak!


Arearen alabak dira hauek

beti denentzat

baina iñor ez beraientzat!


Beti denei laguntzeko

baina iñor ez beraiei!