HAKIMA NASI eta SENIA AHMED-i elkarrizketa.
Kanpamenduetako lehortasunetik, Euskal Herriko hezetasun eta freskotasunera. Nolatan?
Senia: Ni 13 urterekin etorri nintzen honantz udarako bi hilabete igarotzera ume saharar gehiagorekin batera. Leitzako Sahararen Aldeko Taldeak, Nafarroako beste elkarte batzuen moduan egonaldi hauek antolatu zituzten. Bi hilabete igaro ziren , eta besteak kanpamenduetarantz abiatu ziren, baina ni bertan gelditu nintzen belarriko arazo handiak bainituen, osasun arazoak.
Hakima: Ni ez nintzen kanpamenduetatik zuzenean Euskal Herrira etorri, lehenengo Gaztela Mantxara joan nintzen. Ondoren, osasun arazoengatik( urdaileko arazoa) Amurriora etorri nintzen izebaren etxera. Eta hortik, Abdalaje, Saharak Nafarroan duen ordezkariarekin, hitz egin nuen eta berak aurkitu zidan Leitzako familia. Hasieran 6 hilabetez geratu behar nuen, baina gauza luzatzen joan da gaur arte.
Jada 7 urte daramatzazue Leitzan, erdi leitzarrak ere bazaretela esango nuke. Zerk harritu zintuzten gehien bertako ohiturez, ezaugarriez…?
Senia: Beno, aipamentxo bat egin nahiko nuke, “erdi leitzarrak” garela esan duzu, esan nahi dudana zera da ni joaten naizen tokira joanda ere Sahararra naizela esaten dut, hala sentitzen baitut. Nahiz eta, leitzarra naizela esatea ere gustatzen zaidan. Beno egin didazun galderari jarraiki, hasieran gehien harritu ninduena hizkuntza izan zen, euskara. Nik Euskal Herriari buruzko ezagutza banuen baina oso murritza, eta pentsatzen nuen gaztelaniaz hitz egingo zela. Gu etorri ginen egunean oso eguraldi tristea egiten zuen , autobusak herriko eskolan utzi zigun eta harriturik nengoen mendi berde- berdez inguraturik nengoelako. Lehenago Espainian egon nintzen baina betiere hirietan. Familiakoak agurtu nituen eta autoan sartu eta herritik kanporantz gindoazela konturatu nintzen. Azkenean, mendiko etxe batera ailegatu nintzen, gero ikasi nuen horrek “baserria” izena zuela euskaraz. Inoiz aditu ez nituen beste hotsak zera izan ziren, zintzarri soinua. Baserrira sartu, eta oso harrera ona egin zidaten, baina nirekin gazteleraz hitz egiten zuten baina beraien artean hitz egiten zutenaz ez nuen ezer ulertzen! Amonak gainera gaztelaniaz ez zekienez beti euskaraz hitz egiten zidan!
(ja,ja,..)
Urte hauetan zehar zuen bizitza ohiturak osotara aldatu dituzue; “melfa”, egunean 5 aldiz errezatzea, Ramadana…
Senia: Beste herrialde batean integratu ahal izateko, zure ohiturak praktikan alda ditzakezu baina horrek ez du esan nahi teorian ados ez zaudenik. Nik nire ohiturak hobesten ditut, nahiz eta hemen ez praktikatu.
Hakima: Bai, nire ohiturak asko aldatu dira. Melfa ez dut erabiltzen, ez dut egunean 5 aldiz errezatzen, nahiz eta , ohera sartu eta beti txikitan ikasitako Coran zatitxoak gogoratzen ditudan. Ramadana berriz, bitan hasi naiz hemen nagoenetik, baina osasun arazoengatik ezin izan nituen amaitu.
“Sahara Euskal Herria…” dio abestiak, bi herrialde ezberdin, baina biak ere gose berdinarekin independentzia gosearekin. Bi herrialdeen komuntasun hori lagungarri eta aberasgarri egin zaizue bertako elkarbizitzarako?
Senia/Hakima: Asko aberastu eta lagundu digu. Guk gure herriarekin dugun arazoa oso presente genuela etorri ginen honantz. Eta hemen gure herriaren xede berdinaren alde borrokan ari den beste herri batekin topatzeak asko lagundu digu. Borroka egiteko guk gure era dugu, baina beste bide batzuk ikasteko oso lagungarri izaten ari zaigu. Beno, lehen aipatu dugu “xede berdinaren alde”, zeren oso ezberdina da zu zure herritik borroka egitea edo zuk zure herria ezagutu ere ez egitea eta bere alde borrokatzea.
“Sahara Euskal Herria”, “Sahara Espainola” esaten zuten eta gaur, “Sahara Marokoarra” esaten dute. Zer luzatuko zenieke azkeneko hau esaten dutenei?
Senia: Nik esaten dutena edo esan izan dutenaren inguruan, bakoitzak bere pentsatzeko era du. Gu Sahararrak kontsideratzen gara, ez da espainola zein marokoarra izan,noski, kolonia espainola izan zen, gaur egun, marokoarren menpe dago. Niri norbaitek hori esan ezkero, bata, kasurik ez egitea, askotan horrelako pertsonek erantzunik ere merezi ez dutelako. Edo bestea, “sahararrak gara eta izango gara!”.
Hakima: Haizea hartzera joan daitezela!
1936an burutu zen Espainiaren okupazioa Mendebaldeko Saharan; sahararrak manifestatzen, borrokatzen, armak hartu eta kaleratzen zebiltzan erreferendum bat burutzeko asmo eta nahiekin. 1975ean Madrilgo Gobernuak Sahara, Maroko eta Mauritaniari utzi zion. Eskuak garbitzeko era? Interesen desbideraketa? Zer dela eta?
Senia: Nik ditudan datuen arabera, Espainia 1975inguruan egoera latza ari zen bizitzen bertan. Eta barne arazo bat dagoenean zer egiten da? Bertako arazoez arduratu eta horrela, Sahara alde batera utzi zuen. Mauritania eta Marokoren arteko zatiketa bat burutuz.
Hakima: Noski, eskuak garbitzeko modu bat zen, Mendebaldeko Saharan indar kolonialen aurkako erasoak gehituz zihoazen eta egoera eutsiezin jartzen ari zen. Honen aurrean errazena egin zuen; “eskuak garbitu eta martxa”!
“1976ko Otsailak 27ak” zer ekartzen dizue gogora ?
Hakima: Niri egun horrek zirrara berezia sortzen dit, gure Frente Polisarioa sortu zen eguna izateaz gain, nire “wilayaren”(herria) izena ere bada. Nire bizitzaren zati bat da, nire gertukoez gogoratzen naiz.
Zuek emakumeak eta musulmanak izanik, nola ikusten duzue poligamia familia eredua? Famili eredu patriarkala indartzen, emakumezkoen hitza zapaltzen duela uste duzue?
Hakima: Senia ez dakit zuri baina niri behintzat gertutik bizitzea tokatu zait. Nire aita, ni jaio aurretik beste emakume batekin ezkondu zen. Eta harekin ume batzuk eduki zituen, ondoren, beste emakume bat ezagutu zuen, baina bitarte horretan berrara joan eta bertan hil zuten. Honekin esan nahi dudana da, poligamia eredua herrialde musulmanetan onartua dagoela. Honek dudarik gabe emakumezkoengan eragin zuzena du, gizonak du emakumearenganako botere guztia.
Senia: Gu musulmanak gara eta Coranean sinesten dugu noski, baina esan behar dut zorionez praktika hau gutxitzen doala. Gizonezkoak emakumezkoak baino eskubide askoz gutxiago ditu. Adibidez, gizonezko bat banandu daiteke bere emaztearen onespenik gabe, baina emakume batek berriz gizon batekin ezkondu nahi badu aurreko gizonak dibortzioa eman beharko dio bestela ezin lezake ezkondu.
Gaur egun, emakumezkoek eskubide gehiago dituzte. Beraiek dira kanpamenduetan dena antolatzen dutenak; erakundeak, irakaskuntza, administrazioa… Eta gizonezkoak, berriz, Frentean daude. Gure arazoak emakumearen askapenean lagundu duela pentsatzen dut.
Adaketa handia dago emakume saharar eta emakume euskaldunen artean?
Senia: Nik uste berdintasun bakarra eduki dezakegun independentzia nahian dagoela.
Hakima: ezberdintasuna ikaragarria da; erlijioak, ohituretan, emakumezkoen bizi itxaropenean, amatasunean… Gainera, bertan bizi dugun egoera larriak ere asko mugatzen gaitu.
Mohamed VI –ren azken proposamena, Sahararekiko gatazka egoera hau konpontzeko, “Sahara autonomia zabaldu” bezala aldarrikatu du. Bidezkoa ala lotsagarria?
Senia/Hakima: Nola pentsa dezake, geure aitzindariek bere lurraldetik atera ziren independentzia ohituak indarrez oihukatuz eta nola liteke “autonomia ampliada” esatea. Hori lotsagarria eta onartezina da, hori gure aurpegira barre egitea da bezalakoa da!
Zuen borroka eta gurea ikusirik zer esango zeniekete egunero, egunero gure, zein zuen herriaren independentzia eta autodeterminazioaren alde lanean diharduten guztiei? (Biak emozionaturik….)
Hakima: Eskerrak eman nahiko nizkieke eta ni ere beraien lekuan egon ezkero berdina egingo nuela adieraziko nien. Baina, beraiei eskerrak jarraitzen dugu, gure herriaren independentziaren alde, eguneroko lana eta borrokaren ondorioz. Bestetik, nire aita gogoratzen dit, nire aita gure herriaren alde borrokan hil zen, eta borroka hitzak beraz gogoratzen nau. Egunero borrokan dihardutenak nire aitarekin identifikatzen ditut.
Senia: Borroka hitzak hunkitu egiten naute, hori baita inoiz amore emanen ez dugunaren seinale, borroka.
NORTASUN GALDERAK:
Nafarroako ardoa ala Saharako tea, zer nahiago? Biek ere Saharako tea nahiago. (ja,ja,ja…)
“Bizitza bezain garratza”, “maitasuna bezain gozoa” ala “heriotza bezain leuna”. Ze te nahiago?
Senia: “heriotza bezain leuna” .
Jakima: “bizitza bezain garratza”.
“Shakira” ala “Berri Txarrak”?
Senia/ Haki: Erritmoz Shakira nahiago, baina bere ideia eta edukiak aztertuz gero, Berri Txarrak nahiago.
Ze tonu daukazue mugikorrean?
Senia: Ja,ja,ja… Moviestarreko horietako bat!
Hakima: El Sueño de Morfeoren abesti bat.
Mutil labeldunak ala sahararrak, zein nahiago?
Senia: Bihotzak agintzen du!(ja,ja,ja…)
Hakima: Erdi eta erdi! Bietatik pixka bat! (je, je …